
Mixel Labéguerie Lapurdin sortu zen, Uztaritzen, 1921ean. Bere aita, Léon Labéguerie, jatorriz Baionakoa, arotza zen eta bere ama, Marie-Jeanne Haira Uztaritzekoa, piano irakaslea.
Batxilergoa gainditu ondotik, medikuntza ikasketak Bordalen hasi zituen eta Parisen bukatu zituen. Pneumologian aditu bilakatu zen, tuberkulosiaren tratamenduan hain zuzen ere.
1952an Augustine Peyrot-ekin ezkondu zen, sortzez Uztaritzekoa, “Tuti” izengoitikoa.

Bost seme ukan zituzten, Xabi, Txomin, Peyo, Eneko eta Beñat.

Bigarren aldiz Rita de Oberndoff-ekin ezkondu zen 1975ean.
Joseph anaia dentista izan zen Kanbon. Marie-Thérèse arrebak, Heraitzeko geriza etxe berezituan lan egin ondotik, Kanboko “Ker Enia” sendategiaren ardura hartu zuen.
POLITIKA GIZONA
Mixel Labéguerie-k zenbait ardura politiko bere gain hartu zuen.
- 1962tik 1967ra bosgarren bozka-eremuko diputatua izan zen (Xiberua, Baxenafarroa eta Ezpeletako eskualdea)
- 1964etik 1980ra Ezpeletako eskualdeko kontseilari orokorra izan zen.
- 1965etik 1980ean zendu arte, Kanboko auzapeza (alkatea) izan zen.
- 1974etik zendu arte, senataria.
Zein zen bere politikaren oinarria?
1976an, “Enbata” aldizkarian argitaraturiko artikulu batean, hauxe da erran zuena: “14 edo 15 urte ditudanaz geroztik, ene formakuntza giristino demokraten familiakoa zen, egun bezala, eta Espainako giristino demokraziarekin harreman hurbilak ditut, Eusko Alderdi Jeltzalea barnean dago.”
1934ean, Pierre Lafitte apezak Aintzina aldizkaria eta Euskalherrizaleak elkartea sortu zituen. Ideologia politiko hartaz inspiratu zen M. Labéguerie, helburu horiekin:
- Frantziako eskualdekatzea
- Euskararen alde aritzea
- Familia eta emaztearen eskubideak aldarrikatzea
- Gizarte eta laborantxa arloen aldeko politika aintzinakoi eta eraginkorra sustengatzea
- Frantziako bertze eskualdeekin elkarlanean aritzea
Zendu zenean, Senatuko lehendakariak, Alain Poher, horixe erran zuen: “Babesgabetuen alde aritu zen; hauxe zen haren justiziaren ideia”.
Erdietsitako ardura politikoen ondorioz irmotu zen 60ko hamarkan. Adiskide batzuekin Enbata mugimendua sortu zuen. Ber izeneko egunkari batek europar tesi federalistak sostengatuko ditu. Altategi izengoitiaz parte hartuko du.

1963ko apirilaren 15ean Itsasuko herriak Aberri Egunari ongi etorria ematen dio. Mila pertsona baino gehiagok parte hartzen du, eta euskaldunen agiri ospetsua onesten du, Itsasuko Agiria izenekoa, bera partaidea izanik. Agiri horrek euskal departamendua eta euskararen ofizialtasuna eskatzen zituen. Helburua zazpi probintzietako federazioa gauzatzea zen, Europa batuaren barne.
Garai hartan, Mixel Labéguerie, bai engaiamendu abertzaleagatik, bai darioen karismagatik, bai 1962ko legebiltzarreko hauteskundeetan garaipen biribilagatik, Iparraldeko gazteriaren itxaropenen irudia da, eta Hegoaldekoaren nahikundeena, J.A. Agirreren heriotzatik haren ordezkariaren bila dabilena.
1964ean Enbatatik urruntzea erabakitzen du. 1979ko urriaren 6ko Deia-n dioen bezala “Urrundu nintzen ez helburuekiko adostasunik ezagatik, egin-moldeengatik baizik”. 1976an bertze aldizkari batean “Enbata sortu zenean bere helburua herriarengan kontzentzia sortaraztea izan zen. Mixel aldeko 10 bozkatzaile artean 9 ez zirela abertzaleak azpimarratu behar da” idatzi zuen.
Giristino-Demokrata, ondoko hilabeteetan, Jean Lecanuet-en Zentro Demokrata alderdian sartuko da.

Pariseko Legebiltzarrean nahiz Luxemburgoko Jauregian (Senatuan) gai horietan parte hartuko du fermuki: mendiko hazkuntza, landa-eremuko turismoa eta landa-eremuko antolakuntza, bertako kultura eta hizkuntzen estatusa eta irakaskuntza, familiaren politika…
Kantonamendu edo eskualde mailan, Errobi SIVOM batzordearen sorkuntza narbarmentzekoa da, gaur egun beti segitzen duena, bi helburu nagusirekin: herri arteko etxeko zabor-bilketa eta herri arteko lan eremu baten antolakuntza.
Udal mailan, egintza ederrenetariko bat polikirol gunea izanen da, bere izena daramana. Bururatu zuen azken borroketariko bat, eta ez mendreena, osasun-etxeen sustengatzea eta Kanboko bainuetxeen berpiztea, 1978an.
ABESTIAREN BERRITZAILEA
Mixel Labéguerie-k musikaria zuen ama. Beste aldetik, Leon Hairak, haren osaba, musikaren lehen urratsak iraskasten zizkion bitartean, Uztaritzeko fraideen eskolan ikasi zuen txistua jotzen, Joseph anaiarekin batera, Hilario Olazaran aitaren laguntzaz, Lekarozeko fraidetegitik etorritako kaputxinoa, “txistuaren apostolua” izan zena. Iparraldean tresna arrunt ezezaguna izanik, txistulari lehen hirukotea sortu zuen, Joseph eta François Donetch-ekin batera. Beren lehen agerraldi ofiziala Uztaritzeko frontoiaren estreinatzearen karietarat gertatu zen, Euskal Kirolen lehen astean. Orduan 11 urte zituen. Gainera, Mixel Iparraldeko lehen txistularien taldean sartu zen.

Eta gero Bordalen 1940 inguruan, medikuntza ikaslea izanik, Irrintzi izeneko dantza eta kantu talde bat sortu zuen hiri hartan, bertze euskal ikasle batzuekin batera, gerlaondoko lehen Aberri Eguna antolatu zuena, Gernika batailioaren gudariekin.
Munduko bigarren gerlan, 1943an, Uztaritzen, bere sorterrian, Euskaldun Gazteen Batasuna sortu zuen. Haren helburua, garai hartan ematen ziren dantzak eta kantuak biltzea zen.

Inguruetako herrietan berrogeita hamar bat bildu zituen eta musikatu zituen. Aintzina aldizkarian ihauteri eta dantzari buruzko artikuluak argitaratu zituen hilabetean behin, sei hilabetez.

OLERKARIA ETA KANTAGILE-KANTARIA
Musikari bikaina, organoa eta pianoa jotzen zituen. Musika klasikoari ere emana zen. 60ko hamarkadaren hastapenean, abestien sortzen hasi zen. Lehen aldi batean hitzak P. Larzabal-ekin idatzi zituen, eta handik gutxira bakarrik. Aldiz, musika guziak egin zituen.
Iparragirrek bezala XIX. mendearen hastapenean, bere kantuak musika-tresna berri batekin jotzen zituen, kitarra.
Musika tresna horrekin grabatu zituen bere lehen kantuak, eta horrexegatik 60ko hamarkadan euskal abesti berriaren antzindaritzat hartu zuten.
Baina musika “iraultza” hori bidezkoa zen berarentzat, oroz gainetik Brel eta Brassens estimatzen zituenarentzat. Olerkari gisa, idazten zituen kantuen gaiak era anitzetakoak ziren. Irringarriak izan zitezkeen, Gure Pitxitxi Gatua, Aitaren Otoa, Astoa Balaan… edo poetikoak ere Haurtxo Haurtxoa, Bakearen Urtxoa, berdin gizarte ikuspegia ukan zezaketen Primaderako Liliak, Xorieri Mintzo Zen, baina abertzalea ere bai Guk Gira Euskadiko, Nafarra oi Nafarra, edo ezbehar pertsonal baten lekukotasuna izan zitekeen (Beñat semearen heriotza) Bost Iturri.
Bere musikaren ezagutzak, bere euskararen menperatzeak, bere abertzaletasunarekiko uste osoek, bere sendikortasunak parte handia hartu zuten bere kantu batzuen egitean eta arrakastan, haien artean, 20 abestien errepertorio baten gainean, bakarrik hamaika grabatuak izan ziren 45 itzuliko diskoetan 1962 eta 1971en artean.
Fisikoki ahuldurik, engaiamendu politiko garrantzitsuek lanpeturik, Oi Kanta Berri, bere testamentutzat har litekeena, idatzi zuen azken abestia izan zen (1973an).
Euskal abesti berriaren sortzailea izan zenak ez zituen ustekabean ekoiztu bere egintzak. Ttipi-ttipitan, gure kulturaren altxorra eskuratu zuen. Halaber, erran behar da Mixel bertsozale handia izan zela, bat-bateko olerkitza herrikoi hori, eta gai-emailea eta epaimahaikidea izan zela, Iparraldean nahiz Hegoaldean, bereziki Euskal Herriko bertsolarien lehen txapelketa orokorrean 1960an, Basarri, Uztapide, Xabaldor, Mattin, Mitxelena eta bertze batzuk partaideak izanik.

Nehork ezin du gutietsi Mixelek euskal abestiaren berrikuntzan ukan zuen eragina. “Euskal kantuaren lehen urratsetan Mixel Labéguerie aurkitzen dugu” dio Xabier Letek. Euskal abesti berrian Mixel Labéguerie-ren eragin handia azpimarratu zuen Joxe Antonio Arana Martijak. Garai hartako uhain berria euskal kontzientzia eta hizkuntzaren zapalkuntzaren aurka oldartu zen, Ez dok hamahiru taldearekin bezala, besteak beste. Manex Pagola, Peio Ospital, E. Etxamendy eta bertze anitzek baieztatzen dute. Gaiari dagokionez, Mixelek bizia kantatzen du bere osotasunean. Abertzaletasuna, ingurumena, mendia eta abar. Elur eta gauaren ixiltasuna, abereak (gatua, astoa), fedea, gizonaren biziaren gertakari triste edo alaiak, olerkariak.
Bertze aldetik, euskal kantuaren melodia berritu zuen, zortzikoaren erritmoa sarraraziz eta gai-multzo aberats “zabal, aldakor, lasai, berri eta freskua” sortuz, Manex Pagolak erran zuen bezalaxe.
Elkarlanean argitaletxeak liburu bat argitaratu zuen “Michel Labéguerie, rénovateur du chant et homme politique, Michel Labéguerie, kantu berritzaile eta politika gizona “ izenburuarekin. Liburu horrek, besteak beste, Mixelen 23 kantuen bertsoak osatzen ditu eta bertze olerki ezezagun batzuk. Bilduma horretan badugu Iparraldeko literaturaren altxor baliosa.
MEDIKUNTZA ETA GIZONA
Bordalen eginiko medikuntza ikasketen ondotik, Mixel Labéguerie Kanbon plantatu zen 1948an. Pneumologoa eta familiako medikua izanik, hastapen batean Beaulieu izeneko medikuntza-etxean aritu zen. 1952ko apirilean, Toki Eder medikuntza-etxean sartu zen 15 urte baino gehiagoz aritzeko. Denbora luze horretan konfiantza eta adiskidetasun lokarriak sortu ziren Mugika familiarekin.
Haatik, mediku gisa, esperientzia aberatsena, familia horiekin garatu zituen harreman sakonetatik ateratu zuen, haientzat medikua izan antzin konfiantzazko laguna izan baitzen.
Bere biziaren azken urteetan medikuntzarekiko politika engaiamenduak nagusitu baziren ere, bere ofizioa ez zuen sekula utzi nahi izan, funtsezkoa iduritzen zitzaion harreman hori atxikitzeko asmoz.
Fedeko gizona izanik, luzaz izan zen organo-jotzailea Kanboko 11:00etako mezan.
Baina biziaren ezbeharrek kolpaturiko gizona izan zen ere. 1964eko urrian, bere emazte gaztea, Tuti, zendu zen. Orduan 33 urte zituen, bost seme utziz.

1969ko uztailean, bere seme zaharrena, Beñat, 16 urte zituela, ibilgailu istripu batean hil zen. “Bost iturri” izeneko abestia eskaini zion.

1976ko abenduan, bere arreba gazteena, Marie-Thérèse, minbiziz zendu zen.
Lehenago, 1975ean, Rita de Oberndorff-ekin ezkondu zen bigarren ezteietan.
Herriko semea izanik, sineste handiko gizona zen Mixel Labéguerie, beti leiala egon zen garrantzitsuenarekin: euskal kultura eta euskararen babesa, bere herriko ekonomia garapena, egoera larrian zirenei laguntza eskaintzeko nahia.
Mixel Labéguerie 1980ko uztailaren 28an zendu zen, 59 urte zituela, Purpan ospitalean, Tolosan, bihotz-gelditzez.